HIRI BATEN DESKRIBAPENA
Madrilek Atotxako geltoki modernotik bertatik irekitzen dizkie ateak parez pare bidaiariei; hiriaren historiako leku garrantzitsua da geltokia eta egun edozein motako bidaiarientzat zerbitzu guztiak biltzen ditu. Geltokitik bertatik Espainiako hiriburua ezagutzeko funtsezkoak diren hainbat ibilbide garrantzitsu has daitezke. Alde batetik, azken urteotan Europako arte munduko ardatz onenetakoa bilakatu den Prado pasealekua geltokiaren parean hasten da. Puntu horretatik abiatuta, arte modernoaren bilgune bikaina den Reina Sofia arte zentroa, munduko pinakoteka garrantzitsuena den Prado museoa eta nazioarteko bilduma pribatu garrantzitsuenetakoari aterpe ematen dion Thyssen-Bornemisza museoa bisita daitezke. Madril peto-petoa Atotxa kaletik gora igotzerakoan aurki daiteke, baita geltokiaren parez pare. Izan ere, geltokiaren amaieran Benavente plaza dago eta, bertatik gertu, hiriko enparantzarik ezagunenetako batzuk, Puerta del Sol eta Plaza Mayor kasu. Ibilbide honetan ezin dira albo batera utzi plaza horiek inguratzen dituzten kale estuak, Madrilen bizi izan diren zibilizazio ezberdinen aztarnak eskaintzen baitizkigute. Amaitzeko, ia derrigorrezkoa da Orienteko Plazara hurbiltzea; hiriko hiru eraikin garrantzitsuenetarikoak aurkituko ditugu gune monumental horretan, hain zuzen ere Errege Jauregia, Errege Antzokia eta Almudenako katedrala. Igandea edo jaieguna baldin bada, Rastrora joatea aukera paregabea da. Kanpoko merkatu erraldoi horretan bigarren eskuko jantziak, zigiluak, pinturak, antzinako gauzak eta burura etortzen zaizun ia beste edozer gauza eros daiteke. Atotxako geltokiko atean bertan, Madril hiri ahaztezin bihurtzen duten leku horiek guztietara joateko zuzeneko autobusak aurkituko dituzu. |
PERTSONAIA BATEN DESKRIBAPENA
JOANES ARTZAIA Ura zan gizona, ura! Zazpi oin ta erdi bat luze, makal zugatzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezela trinko, gorosti ezearen antzera zimel. Orrela zan Joanes nik ezagutu nuanean. Sendoak zeuden oraindik artzai zarraren beso zaintsuak, txit azkarrak bere oñak, zindoak bere bular-auspoak. Garoa Txomin Agirre |